EUSKAL SELEKZIOA

Sunday, April 09, 2006

Euskal Selekzioa

Euzkaditik Euskadira
selekzioaren historia. 36ko gerra bete-betean zela sortu, nazioartean lehiatu, Francoren diktaduratik ihesi indartu, etenaldia gero, Gabonetako hitzordu soila orain... gorabeheraz betetako jardunean, aurrera begirako urratsak falta dira jon ordoñez - DONOSTIA
J
okoa, estrategia eta politika da futbola. Pascal Bonifacek «futbolaren geopolitikaz» hitz egiten du Futbola eta pasio politikoak liburuan (Temas de debate, 1999), hainbat adibide jarriz: Celtic Glasgow (katolikoak) eta Glasgow Rangers (protestanteak) Eskoziako futbol taldeen arteko partidak, Honduras eta El Salvadorren arteko gerra 1970. urteko Munduko Koparako sailkatze faseko partida bat elkarren aurka jokatu ondoren, edo Pavel Katchatrian 1995ean Armeniako Futbol Federazioko idazkari nagusiaren hitzak: «Pasatu duguna pasatu eta gero, hainbeste etxe eta bizitza galdu ondoren, jokalariek orain aldagelan herrialde bat izateko aukera dute».
Euskal Herrian futbolak beste leku batzuetan baino kutsu politiko handiagoa duenik pentsatzeko motiborik ez dago. Euzkadiko selekzioaren sorrera izenak adiera ezberdinak izan ditzakeen arren, hori zuen berezkoa bere garaian ez zen gaur egun Errioxakoa, Murtziakoa edo Extremadurakoa baino politikoagoa izan. Lehenengoa herri baten nortasuna munduan zehar zabaltzeko jaio zen. Beste hirurak aldarrikapen hori ezkutuan uzteko ahalegina dira.Garaiak, uneak eta politika egiteko moduak ezberdintzen ditu selekzio horiek. Carlo von Clausewitz militar prusiarraren hitzak aipatzen ditu Bonifacek: «Politikaren jarraipena da gerra, beste bide batzuk jarraituz». Times Londresko egunkariak 1996ko Eurokopako Ingalaterra-Alemania partidaren atarian, hitz horiekin jokatuz, zer argitaratu zuen gaineratzen du: «Gerraren jarraipena da futbola, beste bide batzuk jarraituz».Hego Euskal Herria Espainiako gerran bete-betean sartuta zegoela sortu zen Euzkadi. Seguruenik etxetik kanpo jokatzeko sortu den selekzio bakarrenetako bat izango da. 1937. urteko apirilaren azken egunetan osatu zen lehen deialdia, helburu bikoitzarekin: sortu berria zen Euzko Jaurlaritza ezagutarazi eta gerran zuen jarrera zabaltzeko, eta erbesteratutako haurrak mantentzeko dirua biltzeko. Euzko Jaurlaritzaren selekzioa izanik Athleticeko, Alaveseko, Realeko eta Real Unioneko jokalariek osatu zuten.Garai hartan ez zen denbora asko foot-ball-a Euskal Herrira iritsi zela, baina masa kirol bihurtzen ari zen jada, bertako kirolen kalterako. Dirua eta futbola eskutik zihoazen jada. 1937ko otsailean, martxoan eta apirilean Eusko Alderdi Jeltzalea eta Eusko Abertzale Ekintzaren arteko hiru futbol partida jokatu ziren Euzko Jaurlaritzak gerrarako bere hegazkina erosi ahal izan zezan: Euzkadi erreaktorea. Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko partida bat ere jokatu zen helburu berberarekin.
Lehenengoa, Gernikako bonbardaketaren bezperan
Manuel Lopez Travieso Athleticeko jokalari ohia izan zen 1937ko apirilaren amaieran Europa osoa zeharkatu behar zuen deialdia osatu zuen hautatzailea. Arropak ere berak egin zituen, ikurrinaren koloreekin eta Euzko Jaurlaritzaren armarriarekin. Traviesok berak, azken orduan, Euskal Herrian geratzeko erabakia hartu zuen. Berak osatutako hogei jokalariko selekzioak jarraitu zuen bidea. Frantzia, Txekoslovakia, Polonia eta SESB zeharkatu zituen Euzkadik bira horretan. Estreinako partida 1937ko apirilaren 25ean jokatu zuen, elastiko berdearekin eta galtza motz zuriekin: Frantziako txapelduna zen Parisko Racingen aurka. Printzeen Parkean jokatu zuten partida, eta Euzkadi 0-3 nagusitu zen. Joseba Gotzon Varelak Euskadiko futbol selekzioaren historia liburuan jasotzen duenez hiru golak Langarak sartu zituen eta «paristarren amesgaiztoa» izan zen.
Bisita hura Leo Lagrange Frantziako Estatuko kirol idazkariordearen toparekin amaitu zela idazten du Varelak: «Nire edalontzia zuen gazteriaren osasunaren alde altxatu nahi dut, zuen nazioaren alde, zuen herriaren alde. Gogo berberak anaia egiten gaitu, askatasunaren gogoak». Hurrengo egunean, Gernika bonbardatu zuten hegazkin alemaniarrek.Errusia, Bielorrusia, Ukraina eta Georgiaraino joan zen Euzkadi, eta ibili zen herrialde guztietan onespena jaso zuen. Handik bueltan, Norvegian eta Danimarkan ere gauza bera. Hasiera batean Parisera joan eta etorriko bidaia izan behar zuena, lau hilabetez luzatu zen, eta abuztuaren amaieran amaitu zen. Parisera itzuli ondoren, ordea, Bilbo hartuta zegoen artean, eta zenbait jokalarik Euskal Herrira itzultzea erabaki bazuten ere, gehienak Ameriketan beste bira bat egitearen alde azaldu ziren. Propaganda zen helburua.Mexikon, Kuban eta Txilen jokatu zuen Euzkadik, eta gero, berriz ere Kubara eta Mexikora itzuli zen. Argentinan ere izan zen, baina FIFAk River Plate, San Lorenzo de Almagro, Boca Juniors, Independiente eta Racing taldeak selekzioarekin kontratatuta zituzten partidak bertan behera uztera behartu zituen. Varelaren arabera, FIFAk hamaika egoera ankerretatik pasarazi zuen selekzioa, «Argentinan geratu nahi zutela zirudien, hango taldeek Euzkadiko jokalariak fitxatzea pentsatua zuten eta».Txapeldun amaitu zuen Euzkadik bere ibilbidea. Gerrarekin hasi eta gerrarekin amaitu zen Euzkadiren ibilbidea. 1938-1939. denboraldian Mexikoko Futbol Federazioan eman zuen izena, eta Ligako txapeldun izan zen. 1939ko abuztuan, gerra amaitu berri zegoela, desegin egin zen Euzkadi selekzioa Mexikon. Jokalariak bertako eta Argentinako taldeetan sakabanatu ziren.Francoren diktadura amaitzean, Euskal Herrian bizi zen askatasun nahiak gerra garaiko hainbat sinbolo, ekimen eta izenen berreskuratzea ekarri zuen. Horrela Euzko Jaurlaritzak Eusko izena hartu zuen, eta Euzkadik, Euskadi. 1979ko abuztuaren 16an jokatu zuen lehen partida. Andoni Elizondo izan zen hautatzailea. Bi ziren gerra aurreko selekzioarekin ageri ziren ezberdintasun nagusienak. Orain- goan etxean jokatzeko egin zen deialdia, Irlandaren aurka, eta deialdian Osasunako jokalari bati deitu zioten, Patxi Irigibel, Bigarren Mailako golegile nagusiari. La Cuesta, Berguero eta Saramagna Ipar Euskal Herriko jokalariak ere sartu nahi izan zituen Elizondok, baina antolatzaileek hiru horiekin «ezin zela kontatu» azaldu zuten, Frantziako Ligak laugarren jardunaldia jokatu behar zuelako.
Bai Euskarari kanpainaren barruan antolatu zuen partida Sustraiak erakundeak, «lehen aldiz kirola eta kultura elkartuz». Osasunako zuzendariek, ordea, hori baino zerbait gehiago ikusi zuten ekimenean, eta Euskadi izenak zuen adiera politikoa aitzakiatzat hartuta Irigibelek ez zuela jokatuko jakinarazi zuten partidaren egunean telegrama baten bidez: «Sentitzen dugu Irigibel jokalariak Euskadi-Irlanda selekzioen partidan ezin duela jokatu jakinaraztea. Argibideak Euskaltzaindiari emango dizkiogu. Agur». Zelaieta eta Satrustegi izan ziren Euskadirekin partida hori jokatu zuten jokalari nafarrak, biak Realekoak.
Bigarren aroan ere,diru eske
Urte baten buruan hiru partida jokatu zituen Euskadik: 1979ko abuztuan Irlandaren aurka (1-0), 1979ko abenduan Bulgariaren aurka (4-0) eta 1980ko abuztuan Hungariaren aurka (1-5). Bulgariaren aurka Irigibelek eta Etxeberriak jokatzeko baimena eskatu zuen Sustraiak erakundeak, baina Osasunak «neutraltasuna mantentzeko» eta «Nafarroako Legebiltzarrak Euskadiren gaian hartutako jarrera» argudiotzat hartuz ukatu egin zuen baimena berriz ere. Kritikak kanpotik eta barrutik iritsi zitzaizkion zuzendaritzari. Hungariaren aurka Reala izan zen baimena ukatu zuena. 1990ean ere berdin egin zuen UEFArako sailkapena jokoan zuela argudiatuz.
Zortzi urte pasatu ziren gero hurrengo partida antolatu zen arte, 1988ko maiatzaren 10ean. Bateginik kanpainaren barruan ikastola eta euskararen alde dirua biltzeko. Lehen hiru partidek jarraipenik ez izatea gaiaren garrantziaren erakusle da. Varelak bere liburuan jasotzen duenez, 1990ean Eusko Jaurlaritza kexu azaldu zen zenbait klubek selekzioarekiko erakusten zuten konpromisoa hitzak besterik ez zirelako. Martxoaren 21ean jokatu zuen Euskadik, baina Espainiko Kopako finala gertu zuelako Bartzelonako jokalaririk gabe, UEFAko sailkapena jokoan zuelako Realeko jokalaririk gabe eta egun horretan bertan Rayo Vallecanoren aurka jokatu behar zuelako Osasunako jokalaririk gabe.Gipuzkoako Futbol Federazioaren 75. urteurrenean hasi ziren gauzak aldatzen, 1993an. Euskadiko Federazioak Boliviaren aurkako partida antolatu zuen Eguberrietan, Anoetan, eta orduz geroztik urtero jokatu du Euskadik egun horietan. Hori izan da azkeneko hamar urteetan Euskadiko selekzioaren historia. Erregularitatea lorpena izan da Euskadiko Futbol Federazioarentzat azken urteetan, baina hori nahikoa ez zela ikusten zuenik ere bazen. Horren ondorioz sortu zen Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea, 1995ean, futbolean bakarrik ez, Euskal Herriko selekzio ofizialen sorrera bultzatzeko.Futbolean eta politikan mailak daude. Palestinako selekzioak 1995. urtean Frantziaren mailan jartzea lortu zuen nazioartearen aurrean bleu-en aurkako futbol partida bat jokatuz. Estatu maila duen talde baten aurka jokatzeak onespen hori dakar, aurrez aurreko kategoria. Euskadiren jokoak zuen erregulartasunak 1990eko hamarkadaren bukaeran erantzuna izan zuen. Madriletik bultzatuta selekzio autonomikoak sortu ziren Espainian, Euskadik lortua zuen maila jaisteko asmoz.Horregatik kanpoan jokatzea da Euskadiri ematea falta zaion pausoa, oraingoz. Pauso kualitatiboa litzateke, Euzko Jaurlaritzak gerra garaian egin zuen bezala selekzioaren izena eta izana Euskal Herritik kanpo ezagutarazteko. 1995ean, Paraguairen aurka, jokalariak Amerikan zehar bira bat egiteko prest azaldu ziren. Euskadiko Federazioa Txile eta Paraguaikoarekin ari zen harremanetan. Ekimenak ez zuen aurrera egin. Aurten ekainean Uruguain eurek eskatuta eta Paraguain jokatzeko aukera ere sortu zen, baina Realak hartuak zituen konpromisoek ezerezean utzi zuten.Selekzio autonomikoetan azkena Nafarroakoa izan da, lehendik ere egon bazegoen susmo baten egiaztapena. Espainiako selekzio autonomikoekin zuhaitza basoan ezkutatu nahi bazen, Nafarrokoarekin zuhaitzari enborrean jo zaio, izan nahi zuenari kolpe gogorra emanez, eta politikoki, agian, gauzak nola dauden gogoraraziz.

Hemeroteka x
Selekzioaren bigarren aroa 1979an abiatu zen, Irlandaren kontrako partidarekin. Hauek dira garai hartako egunkari batzuetan jasotakoak: EGIN
1979-08-11: «Jose Luis Bilbao Sustraiak-eko presidenteak aurkezpenean esan zuen partida honek Euskadiko kirolaren historian mugarri izan behar duela» (É) «Behin Kirolaren Euskal Konfederazioa osatuta FIFAk Euskadiko selekzioa onartuko egingo duen konfiantza du Sustraiak-ek».
1979-08-15: «Euskadiko futbol zaleentzat partida hau Euskadiko selekzioaren nazioarteko ibilbidearen abiapuntu bilakatu da. Andoni Elizondo hautzailea: 'Euskadiko selekzioa aurrera ateratzeko arazorik handiena futbolean sortu diren interesetan egon daiteke, Euskadiko klubak ez baitaude horietatik kanpo».
1979-08-16: «Euskal futbola Euskadiko selekzioak ordezkatu behar du, gure ustez, Argentinan Eskoziakoa egon zen bezala, eta ez Ingalaterra. Gainera, jokalarien buruan guztiok ezagutzen ditugun koloreak janztea dago. Eta gauza bera diot Euskadik bere selekzioa izatea nahi duten zaleez, eduki behar duelako eta eduki dezakeelako».
1979-08-17: «San Mamesen denok ikusi genuen Euskadik bere selekzio nazionalarekin 1982ko Munduko Kopan egon beharko lukeela, Andoni Elizondok zelairatu zuen hamaikakoak ez duelako Kubalak egunez egun zelairatzen duenarekin» (É) «Hain da indartsua Athleticek eta Realak osatzen duten selekzioa, hain duina, 1982ko Munduko Kopa jokatzeko aukera galdu izana penagarria dela»É «Etorkizunak argitu beharko du atzokoa anekdota soil bat den».
1979-08-18: «Inoiz ez dugu zalantzarik izan futbolak, beste gauza askok bezala, kutsu politikoa duenik. Euskadin batez ere ihesbidea izan da. Horretan ados gaude Osasunarekin. Erabakia 'iritzi guztien errespetuaren izenean' hartzea da harrigarriena, erabakia bera politikoa baita. Argi eta garbi esanda, nabarristen aldean lerratu da Osasuna».
DEIA
1979-08-11: «Bezperan iritsiko da Irlanda, hemezortzi jokalari eta agintarik osatutako espedizioan. Hemengo agintari politikoen artean lau diputazioetako presidenteak eta zazpi lurraldeetako alkateak egongo dira. Bilboko konpartsak, Donostiako fanfarreak, Gasteizeko blusak eta Iruñeko peñak».
1979-08-17: «Irigibelek ez zuela jokatuko Osaunak bidalitako telegrama arraroa» (É). «Azkenean Athletic eta Realaren arteko konbinaketa bat izan zen».
EL DIARIO VASCO
1979-08-17: «Partidan Amnistia eta Estradiziorik ez zioten pankartak egon ziren, eta Independentzia eta 'Que se vayan' oihuak entzun ziren». Andoni Elizondo: «Osasunak askatasuna eman zion Irigibeli, eta San Mamesen jokatzeko ilusio handi zuen».

0 Comments:

Post a Comment

<< Home